XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Zentzu honetan ezinbestekoa da XII. mendeaz geroztik funtzionatzen duen Societas Navium Bionensium txit zaharra ulertzea, baionarren nabigazioa antolatu eta defendatzen duen erakundea, XV. mendean lanean hasi zen Itsasoko Kontsulatua eta kontratazio etxe bilbotarraren aintzindari garrantzitsua.

Baionak ibai-inguruarekin duen harremana ulertu eta ikusteko, badugu Baionako udal Artxibategian mapa bat, 1590ko data du, Errobi eta Bidouze, Pabeko Luy eta Oloroeko Gave ibaiekin batera Aturri ibaia artikulatzen duen lurralde egituraren azalpen argia; testuinguru geografiko honetan, nagiak izan arren, Atlantikora iritsi nahi duten ur ugari dago, baina naturak aurkezten dien eragozpenekin topo egiten dute, padurak ibai-itsasoratze zehatz, segur eta hurbila, definitzea eragozten dielako; bokale (aoa, mounth, ménde, boucau) bakar eta sakona, Baionako Hiribilduaren nagusitza bere ibai eta itsasoen gain erabat eraginkorra izateko modukoa (5-a, 5-b Irud.) eta inguruko hiri-pilaketetan hegemonia markatu eta boterea hedatuko duena.

Atalik esanguratsuenetan aurkezten dugun mapa bikain honetan, lehenik eta behin, Aturrik bizia ematen dien erakunde desberdinetako hiri-elkarteen definizioa ikus daiteke, hala nola, Baiona hegemoniko baten ahalmenetik, ibaigaineko bere hiru esparru urbanoekin (7.Irud.), arrantz-ibai baliabideren bati atxekitako hirigune edo hiriperik apalenetara (6. Irud.).

Hiribildurik nagusienak Baiona, Akize, Peyrehorade eta Labastida Clairance dira (8,9,10 eta 11. Irud.) ondoren Hastings eta Guiche (12. Irud.) bakoitza bere historia propio eta aberatsarekin lurraldea egituratzen duen ibaiaren arabera, aztergai dugun mapan baliabide adierazkor minimoak erabiliz hiritasun propioaren berezitasunik esanguratsuenak arkitekturaren tasun haiekin errepresentaturik daude.

Eraikuntza publikoak, tenpluak batez ere, monastegiak, eta lau dorretako gaztelu bereziak, gailurrean jasotako buruhormadun eraikuntzak, estalkian koroapen bezala tximini gotiko oparoz berotutako areto dotoreak eta, kupuletan arkitektura berak gordetzen duen boterearen tasunek koroatzen dituzten dorreak Akize eta Aquae Tarbelli zaharra eta Lapurdum zaharreko Baiona osatzen duten lurralde zabal batetan naharo banaturik daude, aintzinako Aturri ibaia mugarriztatuz, zeinak ez duen erabaki garbirik hartzen bere urak Baiona inguruan itsaroratu ala iparraldera garraiatzeko, Capbretonetik hurbil.

Aturri ibaiko urak kanalizatzeko burruka honek, Hiribilduaren ahalegin kolektiboak modu garrantzitsuan baldintzatu zituen, ahaleginak eskergak izan ziren, azkenik 1578. urtean, Luis de Foix injineruak hartu zuen bere gain lan neketsu hau burutzeko erabakia; naturaren nahikeriak sailkatzea eta Bokale berri batetan itsasoratzea, Baionako Hiribilduaren inguruko lurraldean garapena eta hegemonia bidera ahal izateko.

Vieux Boucauren artean, 1300 eta 1578 urteen artean itsasoratzen zen lekuan, hots, Luis de Foix-k irekitako Bokaletik 40 km. iparraldera, 20 km.ra ahokadura batetik eta bestetik ere bide erdian, historikoki Capbretonen itsasoratzen zen, Aturriren estuario naturala sigi-siga zebilen lekuan.

Ekaitz eta erauntsiek, 1310. urte inguruan, bortizki dunak kurritu eta lekualdatu zuen arte, ahokadura 20 km. iparraldera bultzatuz, eta Baionako Hiribilduaren eta itsasoaren arteko harreman ona arriskutan jarriz.

Bokale berriaren irekiguneak, egun ezagutzen dugun lekuan hain zuzen, ozeanora hurbildu ezezik, segurtasuna ematen zien kanaletik barna nabigatzen zutenei, eta halaber garrantzitsua herriarentzat, Hiribildutik igarotzerakoan uren maila jaitsi egin zelako, modu honetan barruratu eta kai zabalagoak eta seguruagoak eraikitzeko aukera bideratu zuen, portuko lurzorua, barradera, eta uholdeei buruzko defentsa bezala; beldurgarria bezain usu gertatzen baitzen XIII. mendeko Hiribildu burges eta merkatal berria hedatu eta goragunetatik Errobi eta Aturriren uharroiletaraino jaitsi zenetik, baina dagoeneko uraren menpe ez zeuden hiri-zabalaurak. Apezpiku-Hiri zaharraren goiko esparrua ez zegoen bezalaxe.

Tipologia eta hiritasunaren zenbait arazo eta 600.eko ikuspegi nahiz beste hiri-errepresentazioak Baiona Saint Espriteko errebaletik

Airetik 1612ean hartutako mapa batek, itsasora inguratu duen Hiribilduaren taiuketa berri hau erakusten du, mapak bere osotasunean, hiriaren lehen planoa azaltzen du, hiru esparru orokorretan ongi errepresentatuta, Baiona Handia.

Baiona Txikia eta Saint-Esprit errebala (faubourg du Saint-Esprit), gibelean Bokale berriaren irekigunea edo Aturriren itsasoratze zuzena Atlantikoan, ibaiaren kanalea koroatuz, non Pannecau kaietatik itsasoratze tokiraino tonelaia handiko 13 untzi azaltzen diren, untzirik handiena baino neurri handiagoko balearekin ur ozeanikoak elkarbanatuz.

Kanalearen itxiera ere Bokale zaharraren aldera errepresentaturik dago, harriztaturiko barradera baten antzera, oholesi baten gain, horrekin Aturriren urak bideratzeko, lurralde injineritzako obrek zuten garrantzia berretsiz, Hiribilduarentzat funtsezkoak direnak eta 34 urte lehenago arrakastaz koroatu obrak.

Hara, 13, 14 eta 15 irudietan mapa honen hiru alderdi partzial erakutsi nahi ditugu, hau da, Aturriren itsasoratze berritik hurbil dauden hiriguneen forma desberdinei dagozkienak.